XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badirudi hiztegia aukeratzearen kontu hori hirurogeita hamargarren urteen bukaeran geratu egin zela, baina beti da eguneko arazo hizkuntza arrotzeko lexikoa aukeratu beharra. Aukera horretan baliozko izan daitezkeen irizpideen kritika egin nahi nuke hurrengo atalean.

4.3 LEXIKOA AUKERATZEKO IRIZPIDEAK

Hiztegia aukeratzearen historia hizkuntza bateko hitzik baliagarrienen zerrenda egiteko bideak aurkitzean datza oso-osorik. Nahiz eta aukera egiteko benetako irizpide bakarra erabilgarritasuna den. Hizkuntzen irakaskuntza/ikaskuntzarako hitz-zerrendak egiteko kaleratu diren irizpide guztien xedea da nozio zabalegi hori objektiboago bihurtzea; horretan saiatu dira denak.

Ez litzateke, beraz, burugabekeria erabilgarritasunari buruz galdera batzuk egitea jarraitu izan diren irizpideak ikusten hasi aitzin. Hiztegiek diote kontzeptu hori zerbaitek zerbaitetarako balio izatearekin edo beharren bati erantzutearekin edo eragingarri edo abantailazko izatearekin dagoela lotura. Ematen dituzten definizio eta adibideek iradokitzen dute gauzak ez direla baliagarri era orokor eta mugarik gabean; aitzitik, egoera jakinetan eta helburu zehatz batzuetarako direla baliagarri.

Egoera aldatzen baldin bada edo helburua galtzen, tresna horrek galdu egiten du bere balioa. Argi-mutilek balioa galdu egin dute eta horregatik daude museotan, eta sakakortxoak ez dio ezertarako balio potoko garagardoa edaten duenari. Baliagarritasuna ongien deskribatzen da egokitasun, pertinentzia eta eraginkortasun-terminotan: ezarri den xede bat lortzeko balio duena da baliagarri.

Kontua, beraz, izango da zertarako balio dioten edo diezaioketen hitzek hizkuntza arrotza ikasten ari denari. Komunikatzeko, mezuak igorri eta jasotzeko esango da. Mezuak askotarikoak direnez, eta mugarik gabeak, hitzak pilaka daude hizkuntzatan, eta are gehiago ULak. Eta, beti eginkizun bereziak dituztenez, hitz horiek guztiek baliagarritasun berbera dute beharrezko diren egoeretan. Inork behar ez dituen hitzak ahaztu egiten dira, ez dira erabiltzen eta azkenean hiztegi historikoetan geratzen dira.